
Gutunak
Karibe Zaharra Futbol 7 taldeari erantzunez
Hasteko, eta jendea informatzeko, txapelketaren nondik norakoak azalduko ditugu:
Beti izan dugu Futbol 7 txapelketa bat herrian antolatzeko gogoa eta aurten hainbat gaztek indarrak batu ditugu hau aurrera ateratzeko. Txapelketa maiatzaren bukaeran jarri genuen martxan, oinarri eta arau minimo batzuk kontuan harturik izena emateko orriak banatu genituen herriko hainbat tabernetan. Ez genekien jendearen erantzuna nolakoa izango zen, eta izena emateko epea amaitzean 24 taldek izena eman zutela ikustean poztu egin ginen.
Taldeak banan-banan begiratzen hasi ginen eskatutako oinarri eta arau minimo horiek talde guztiek betetzen zituztela ziurtatzeko. Talde guztiek (Karibe Zaharra Futbol 7 Taldea barne), talde batek izan ezik dena ondo zeukaten. Azken hauek 14 jokalari beharrean 15 jokalari inskribatu zituzten. Hori ikusita taldeko arduradunari deitu eta gertatukoa jakinarazi genion. Taldeko kide bat taldetik kanpo utzi zuten eta taldeak aurrera egin zuen txapelketan.
Hurrengo pausoa bilera izan zen. Txapelketako egutegia, arau gehiago eta txapelketako beste hainbat gauza esplikatu genituen bertan. Talde bakarra izan zen azaldu ez zena. Baina, Karibe Zaharra Futbol 7 Taldea bertan zegoen. Bertaratuek bileran esplikatutako arau denak onartu zituzten, jokalari kopurua 14 jokalaritara mugatzea barne. Gainera, talde bakoitzari arauen kopia bat eman zitzaion.
Txapelketa ekainaren 21ean hasi zen. Lehen partida jokatu aurretik hainbat taldek jokalari gehiago inskribatu zituzten edo aurretik zituzten jokalari batzuk beste batzuekin ordezkatu zituzten, Karibe Zaharra Futbol 7 Taldearen kasua, adibidez; baina beti arauek zioten bezala 14 jokalari mantenduz.
Hemendik aurrera talde bakoitzaren esku zegoen arauak onartzea eta gainerako taldeak eta antolakuntza errespetatuz txapelketa modu egokian jokatzea. Gure lana ez da poliziaren lana, talde guztiengan konfiantza erakutsi genuen. Horra hor gure hanka sartzea eta okerra.
Azken jardunaldia abian zela konturatu ginen Karibe Zaharra Futbol 7 Taldean 14 jokalarik baino gehiagok jokatu zutela, hau da, arauetako bat hausten ari zirela. Partida hori amaitu bezain pronto araua hautsi zutela jakinarazi genien eta txapelketatik kanpo gelditzeko arriskua zutela adierazi. Gau horretan bertan antolakuntzako kideok bilera egin genuen eta horri buruz luze hitz egin ostean Karibe Zaharra Futbol 7 Taldea txapelketatik kanpo uztea erabaki genuen, eta horrela jakinarazi genien hurrengo egunean taldeko kide batzuei.
Pasa den astean e-mail bat jaso genuen Karibe Zaharra Futbol 7 Taldearen izenean, ez zeuden ados guk hartutako erabakiarekin eta txapelketan berriro onartzea eskatzen zuten. Gure erabakiaren zergatia esplikatu genien labur-labur, eta erabakiarekin aurrera jarraituko genuela adierazi genien. Orain Zingizangoren webgunean eta HITZAn idatzitakoak txundituta utzi gaitu.
Antolatzaileok Karibe Zaharra Futbol 7 Taldeko izen-emate orrian 14 lagunen izena besterik ez genuen aurkitu, horrela ez balitz eta taldekide kopurua 14 baino gehiagokoa balitz taldeko arduradunari jakinaraziko geniokeen okerra zuzentzeko aukera emanez, beste talde batekin egin genuen moduan. Beraz, Karibe Zaharra Futbol 7 Taldekoek esaten dutena gezurra da. Gainera, gehienez ere 14 pertsonako taldeak osa zitezkeela jakinda, zergatik jokatu zuten hamaseik? Talde gehienetan egon dira min hartu duten pertsonak, askok aldaketa batekin edo birekin jokatu dituzte partidak, eta bada talde bat 6 jokalarirekin partida osoa jokatu behar izan zuena. Inork ez ditu azken uneko fitxaketak egin eta txintxo-txintxo araudia errespetatu dute. Karibe Zaharra Futbol 7 Taldeak zergatik ez?
Arestian aipatu bezala, talde guztiekin egindako bileran talde guztiek onartu zituzten txapelketako arauak, denek onartu zuten gehienez 14 jokalarirekin jokatzea eta denek, Karibe Zaharra Futbol 7 Taldeak izan ezik, errespetatu dute araua. Txapelketako arau bat hautsi dute, gainera beraien idatzian diotenez bazekiten arau hori hausten ari zirela; baina berdin izan zaie. Orain antolatzaileek hartutako erabakia mespretxatzen dute erretolika merke bat erabiliz.
Zer ikusi dauka garagardo festak edo bandera piratak honetan guztian? Zer ikusi daukate Gaztetxea sortu zeneko oztopoek txapelketaren araudia errespetatzearekin? Garagardo festaren antolaketan Udalak oztopoak besterik ez zituen jarri Gaztetxeak festa hori antolatzeko. Antolatu zuen taldeari, aldiz, erraztasunak eman zizkioten. Guk talde guztiei aukera berdinak eman dizkiegu.
Haurtzarora itzuliz guk ez diogu inori baloia kendu. Karibe Zaharra Futbol 7 Taldea izan da baloia zulatu eta etxera joan behar izan duena, zer pena! Okerrena da nahita zulatu dutela eta oraindik ere negarrez jarraitzen dutela. Antolakuntzak jarri eta gainerako taldeek onartutako arauak bost axola izan zazkie, eta horrela ez dute tokirik txapelketa honetan.
Bukatzeko, esan aurten espero ez genuen arrakasta izan duela txapelketak eta oztopoak oztopo datorren urteari begira gogotsu gaudela berriro ere hau antolatzeko. Edozein iradokizun edo hobekuntza proposamen ongi etorriak izango dira. Mila esker, bertan parte hartu duzuen talde guztiei, guzti-guztiei. Datorren urtean ere bertan parte hartzeko gonbidapena luzatzen dizuegu, beti ere txapelketa hau aurrera ateratzen laguntzen duten arauak errespetatuz.
Gogoratu, baita ere, zapatu honetan final handia jokatuko dela eta herri guztia gonbidatuta dagoela herri bazkarira eta aurretik eta ondoren jokatuko diren partidak ikustera.
Asier Diez (eta txapelketaren antolatzaileak). Legazpi.
Hitzaldia
EHU/UPV-ren aurkezpena
LEGAZPI, Kultur etxeko areto nagusian - 2008-12-02
Zinema
Zine Kluba
LEGAZPI, Latxartegi aretoan - 2008-12-05
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.