
Kalean da ZingiZango elkartearen berripapera
Legazpi Azken hiru hilabeteetan 'zingizango.com' webgunean agertutako edukiak biltzen ditu.
m. luki
Legazpiko ZingiZango euskara elkarteak berripapera kaleratu du. Argitalpenak elkartearen webgunean (www.zingizango.com) agertutako albisterik azpimarragarrienak bilduko ditu, paperean, hiru hilabeteko tartean. «Herritarren parte-hartzearen isla» diren zenbait ekarpen ere badaude, webgunearen oinarria izatea nahi dutena.
Urtean lau zenbaki ateratzeko asmoa dute. Zenbaki bakoitzean hiruhilabetekoan webgunean azaldutako albiste eta ekarpen nabarmenenak aurkeztuko dituzte.
Lehen emanaldiko edukiak
Legazpiko postontzietara iritsi da edo iristear dago lehen berripapera. Albisteentzat toki bat du. Kaleratu duten berripaperak ohiz hartuko dituenak baino hilabete gehiago bildu ditu oraingoan. Hurrengoa Lakiolako erromeriarako prest egotea nahi du euskara elkarteak, irailaren hasierarako hain zuzen ere. Urtarriletik maiatzera arteko albisteak atera dituzte berripaperera, laginak bailiran.
Parte-hartzearen isla
Garrantzi handia eman dio Legazpiko euskaltzaleen elkarteak herritarren parte-hartzeari. Webgunean irakurleek bidal eta idatz ditzakete artikuluak. Berripaperean edukiko du isla parte-hartzeak, atal berezia gordeko baitiote.
Interneteko ataritik paperekora irauliko dituzte edukiak. Hala, blogak, argazki-blogak eta bestelako atalek ere izango dute isla.
############
############
«Webguneko lan-taldea herritar guztiak izatea nahi dugu»
aitor irastorza ðZingiZango elkartearen lehendakaria
m. luki
Aitor Irastorza (Legazpi, 1970), ZingiZangoko lehendakaria eta elkartea sortu zenetik kide da, Lakiolako erromeria antolatzen aritua. Egunkaria itxi zuteneko lantaldean ditu sustraiak elkarteak.
Zergatik atera da berripapera?
Aldizkaria ateratzeko saiakera egin genuen bere garaian, Artajorran, baina horrelako egitasmo bat aurrera ateratzeko lan-talde handia behar genuen eta une hartan ez zegoen horrelakorik. Interneten lan tresna ona ikusi eta ZingiZangoren webgunea egiteari ekin genion. Webgunea egiteko ez dugu hainbeste jende behar. Ildo horretan, Berripaperak bi helburu ditu: webgunearen publizitatea egitea, eta postontzi guztietara iristea. Bestalde, han zer aurki dezaketen eta euren esku dagoen tresna dela ikustea.
Hasieratik asko aldatu da weba.
Blog batekin hasi ginen eta berehala ikusi genuen zein neurritako tresna behar genuen. Bloga txiki gelditu zitzaigun eta webgunea sortu genuen orduan.
Zeintzuk dira helburuak?
Euskararen erabilera sustatzea, legazpiarrak jabetzea euren esku dagoen tresna dela informazioa jaso edo zabaltzeko. Liberaturik ez dugu eta bakarrik elikatzeko gaitasunik ez dugu. Irakurle eta herritar oro zingizango.com webguneko lantaldea izatea nahi dugu. Kexa, salaketa, albiste, argazki... denetarako tokia dago webgunean.
Nolako parte-hartzea izan du?
Poliki baina gora doa. Jendeak irakurri egiten du batez ere, baina azken boladan ika-mikaren bat edo beste sortu da. ZingiZangoren berripapera banatzearekin webgunea hor dagoela ohartarazi nahi dugu jendea, guztiona baita.
############
Erakusketa
Eskulan erakusketa
LEGAZPI, kultur etxean - 2008-11-27
Hitzaldia
EHU/UPV-ren aurkezpena
LEGAZPI, Kultur etxeko areto nagusian - 2008-12-02
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.