
Hizkuntza politika hobetzeko asmoz hitzarmena sinatu dute Udalak eta Kontseiluak
Legazpi Egitasmoa martxan jarriko duten lehenen herria da Legazpi; azterketan 5,95 puntu eman dizkio Kontseiluak.
miriam luki
Legazpiko udalerrian hizkuntza politika hobetzea helburu duen hitzarmena sinatu dute Xotero Plazaola alkateak eta Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendigurenek. Hitzarmenaren bidez Legazpiko Udalak Kontseiluaren dinamikari babesa eman dio, eta burutu duten ebaluazio batean sumatutako hutsuneei konponbidea emateko konpromisoa hartu du. «Dinamika hau udalen hizkuntza politikaren ebaluazioan oinarritzen da, eta helburu nagusia administrazioen politikan aldaketa positiboak eragitea da», azaldu du Xabier Mendigurenek.
Kontseiluak egina du jada Legazpiko hizkuntza politikaren azterketa. Hamar puntuko gehienekotik 5,95 lortu ditu udalerriak. «Legazpiko hizkuntza politikaren puntuazio azterketa gainditutzat emateko finkatutako zazpi puntuko notatik hurbil gelditu da, 5,95 hain zuzen», zehaztu du Kontseiluko Mario Zapatak.
Notarik altuena
Hamar puntuko nota euskara hutsez jarduten duen udal bati dagokio, eta 7koa euskara lehenesten duen udalari. Ranking orokorrean Legazpi hamaikagarren gelditu da, baina euskararen ezagutza %70-80 tartekoa duten herrietan notarik altuena lortu du Legazpik.
Kontseiluak egindako azterketan atzemandako gaitasunen eta ahulezien berri ere eman dute. Positiboki nabarmendu dutena, esate baterako, «Udalak biztanleen hizkuntza eskubideak bermatu izana» da. Arauetan euskara lehenesteko helburua nabarmentzen dela ere nabarmendu du Kontseiluak: komunikazioetan, hizkuntza paisaian, herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuetan...
Langileen kontratazio irizpideak «egokiak» dira Kontseiluaren aburuz, baita kanpoko zerbitzuen inguruko irizpideak ere. «Euskararen aurrekontua azpimarragarria da», gehitu dute.
Ahuleziak
Udal langileek zerbitzua euskaraz eskaintzea ahalbildetuko duen plangintza bete dadin epe bat finkatu beharko litzatekeela proposatu zaio Udalari. Dauden zortzi udal sailetatik hiruk bakarrik funtzionatzen dute euskaraz, eta arkitektoaren lanpostuan ez da hizkuntza eskakizuna arautu, besteak beste. Horiek guztiak hobetzeko konpromisoa hartu du orain Legazpiko Udalak, lehena izanez.
Hitzaldia
EHUren aurkezpen saioa
LEGAZPI, Kultur etxean - 2008-12-02
Zinema
Zine Kluba
LEGAZPI, Latxartegi aretoan - 2008-12-05
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.