
2008-06-13 | 17:56:25
Irene Paredes legazpiarrak Gipuzkoako marka ondu du xabalina jaurtiketan
40,30 metroan utzi du distantzia berria junior eta nagusien mailan
Irene Paredes Goierri Garaia atletismo elkarteko atletak Gipuzkoako errekor berria jarri du xabalina jaurtiketan. Aurreko marka 27 zentimetroan luzatu, eta jubenil, junior eta maila absolutuan errekorra egin du. Asteazkenean Donostiako Anoeta estadio txikian jokatu zen Proba Konbinatuetako Gipuzkoako Txapelketa. Xabalina jaurtiketan lehengo marka ontzea lortu zuen Paredesek; 40,03 metroan zegoen aurreko distantzia, eta Paredes legazpiarrak 40,30 metroan utzi du.
2008-05-20 | 17:16:03
Bellotan lan itunaren negoziazioan blokeo egoera gainditu dute
Langileek ez dute etziko grebarako deialdia bertan behera utzi
Bellota enpresako ordezkariak eta langileen ordezkariak mahai negoziatzailea bildu dira lan itunaren inguruko negoziazioa berriz ere zabaltzeko. Negoziazioa blokeatuta egon da hilabete batez. Blokeo egoera gainditu asmoz, langileek mobilizazioak egin dituzte. Pasa den astean lanuzteak egin zituzten eta atzokoan greba eta Legazpiko kaleetan manifestaldia egin zuten. ELAko sindikatuko ordezkari Andoni Aizpuruaren arabera «negoziazioak aurrera doan arren, biharko greba ez dugu momentuz bertan behera utzi». Bihar, printzipioz, greba egingo dute Bellotako langileek. Bellotako arduradunek, euren aldetik, une honetan negoziazioetan daudela eta «epe labur batean bi aldeen nahiak beteko dituen akordio batera iritsiko» direla uste dute. Langileen batzarreko kidea ere da Aizpurua eta dioenez, lan-itunaren negoziazioan gatazka sortu duten puntu nagusiak ondokoak dira: lanaldia, soldata eta bajak kudeatzen dituen mutuaren eskuduntzak.
2008-05-20 | 12:23:05
Santikutz egoitza berritzeko dirulaguntzak jasotzeko hitzarmena sinatu dute
Foru Aldundiak 3,7 milioi euro banatuko ditu Gipuzkoako zortzi egoitzatan
Santikutz Adineko egoitzaren Foru Aldundiaren dirulaguntza jasoko du Maite Etxaniz Gizarte Politikako Foru Diputatuak eta Xotero Plazaola Legazpiko alkateak sinatutako hitzarmenari jarraiki. Foru Aldundiak eta gipuzkoar elkarte desberdinen ordezkariek lankidetza hitzarmenak sinatu berri dituzte. Hitzarmen hauen arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak 3.707.000 euro bideratuko ditu mendeko pertsona helduen eta pertsona ezgaituen eguneko zentro eta egoitzatan egokitze eta berritze lanak egiteko hain zuzen ere. Legazpiko kasuan, Santikutz Fundazio Publikoak jasoko du dirulaguntza egoitza bera berritu eta indarrean dagoen legealdira egokitzeko.
2008-05-09 | 12:39:44
Bellotako langileek mobilizazioak hasiko dituzte asteartean
Lan-itunaren negoziazioaren inguruan enpresa eta langileen arteko gatazka sortu da
Legazpiko Bellota enpresako langileen batzarrak mobilizazioei hasiera ematea adostu du. Asteartean paroak hasiko dituzte eta enpresak lan-itunaren negozioazioaren blokeoa etengo ez balu, greba egunak deitu dituzte bi aste barrurako. ELAko kide eta Bellotako langile Andoni Aizpuruaren arabera «blokeoaren aurrean komiteko kide guztiak adostasun batera iritsi gara eta mobilizazioak hastea erabaki dugu».
2008-05-07 | 22:16:16
EAJk aurkeztutako 'mozio etikoa' onartu dute Legazpiko osoko bilkuran
EB-Aralarreko zinegotzia abstenitu egin da; EAk alde bozkatu du eta ezker abertzalekoek kontra
EAJk aurkeztutako mozio etikoa onartu du Legazpiko udalbatzak. Jendez gainezka zegoen udaletxeko areto nagusia gaurko osoko bilkuran, komunikabide ugari eta ezker abertzaleko jarraitzaileak tartean. EAJ, EA, PSE-EE eta Ana Salinero zinegotziaren aldeko botuekin onartu dute mozioa. Iñaki Castañares, EB-Aralarreko zinegotzia, abstenitu egin da eta kontra bozkatu dute Xotero Plazaola alkateak, Mikel Altzelai eta Jon Erramun Uribetxeberria zinegotziek.
2008-05-01 | 20:06:45
Didac Ortegak sprintean irabazi du 75. Santikutz proba
Sprintean aurrea hartu dio Gorka Izagirre ormaiztegiarrari
Legazpiko Santikutz klasikak 75. urtea bete du aurten, eta ohikoa den moduan, ikusmin handia sortu du herritarren artean. Lasterketa bizia izan da, eta ez da azken metroetaraino erabaki. Azkenean, Didac Ortega txirrindulari espainiarrak irabazi du proba. Sprintean nagusitu da valentziarra, Gorka Izagirreri aurrea hartuta. Antolatzaileak ere gustora gelditu dira lasterketarekin. Telleriarteko Txirrindulari Elkarteko Sebastian Santestebanek azaldu duenez, "dena oso ondo joan da, giroa ere lagun izan dugu".
2008-04-29 | 12:57:10
Parte-hartze aipagarria izango du Legazpiko LXXV. Santikutz txirrindulari klasikoak
Ibilbidea iazko berdina izango da, 162,5 kilometrokoa
Atzo aurkeztu zuten Telleriarteko txirrindulari elkarteko kideek LXXV. Santikutz Klasikoa, Legazpiko jaietan jokatuko den txirrindu proba. Sebastian Santesteban elkarteko lehendakariak aurtengo parte-hartzea nabarmenu izan nahi zuen, "afizionatuen mailan gurean izango diren punta-puntako talde eta txirrindulariak elkartzea ez da erraza" esanez. Baina aurten lortu dute. Hirurogeita hamabost urtez antolatu dute jada Legazpin txirrundularitza proba, eta aurkezleak esan zuen moduan "hori ez da gauerdiko ahuntzaren eztula". 196 txirrindulari izango dira eta 162,5 kilometro bete beharko dituzte. Lasterketa ostegunean, maiatzaren 1ean, jokatuko da. Legazpitik 09:15ean abiatuko da tropela, eta 13:30 ingururako dago aurreikusita ailegaera.
2008-04-24 | 16:41:47
Legazpi rock I jaialdia ospatuko dute Tartufon
Herriko lau taldek joko dute Elgeta bidean dagoen aretoan bihar 22:30ak inguru
Tartufo aretoan herriko lau taldek 'Legazpi rock I, altzairuaren indarra' kontzertua eskainiko dute bihar gaueko hamarrak eta erdiak inguru. Bertan izango dira The Witols, Hartu arte, Elbereth eta Dirty Shadow. Herriko musika taldeak elkartzen dituen Subeltza kolektiboak antolatu du hain zuzen gaur gaueko kontzertua. "Legazpiarrei gure esker ona agertzeko modua da, izan ere kanpoan jotzen dugunean hor izaten ditugu gehienetan eta horrelakorik ez dugu ikusten gurera datozen taldeetan" diote musika taldeetako kideek.
Ikus-entzunezkoa
'Urdanetaren sekretua' dokumentala
ORDIZIA, Herri antzokian - 2008-09-08
Zinema
'Urdanetaren sekretua' dokumentala
ORDIZIA, Ordiziako Herri Antzokian - 2008-09-08
© Goierriko Hedabideak S.L. - Urbialde Plaza 7, behea - BEASAIN - Tel.: 943 16 00 56
Faxa: 943 88 96 12 - E-posta: goierri@goierrikohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Goierriko Hedabideak S.L.ko kideak: Zintzo Mintzo, Goierritarra
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Goierriko Berriak Kultur Elkartea: 15 gizarte eragile.