Gaur, Legazpiko kultur etxean, 18:30etik aurrera Binta y la gran idea film laburra eta Afrika emakumeen ikuspegitik hitzaldia izango dira.
Legazpiko Udaleko gizarte zerbitzuek antolatutako ekintza da. Nazioarteko lankidetza-programaren barruan, urtero sentsibilizazio saioak egiten dituzte. Gaurkoa, iazko aurrekontuekin antolatutakoa da.
Derandein fundazioko ordezkari Xabier Oruetak gidari lanak egingo ditu hitzaldian. Derandein fundazioaren egoitza Santurtzin (Bizkaia) dago. Vasco Catalana Group taldearen baitan sortutako fundazioa da. Azkeneko proiektuak Kenian eta Etiopian burutu ditu.
Hitzaldiaren aurretik, Javier Fesserrek 2004. urtean Senegalen osatutako Binta y la gran idea film laburra eskainiko dute kultur etxean.
Unicef erakundearen babesarekin egindako filma da. Senegaleko Casamance izeneko lurraldean filmatu zuten. Binta neskatila da filmeko protagonista, 7 urte ditu. Bintaren begietatik emango dute Sahara azpiko Afrikaren berri. Binta eskolara doa, baina bere inguruko neskatilen errealitatea bestelakoa da.
Gogoeta egiteko aukera ematen du film laburrak, izan ere, Afrikan oinarrizko hezkuntza jasotzeko paradarik ez dute emakume jaiotako haur guztiek.




















